2026/08/17

I. Barikua

Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.
(Aleluia).

 

GORATZARREA

 

 1 Ant. Osatu naizu, Jauna, pekatu egin dot-eta zure aurka.

40 Salmoa

Bai dohatsu, behartsuaz eta dohakabeaz
      arduratzen dena,
      egun gaiztoan
      onez aterako dau Jaunak.

Jaunak gordeko dau eta bizirik eukiko,
      dohatsu egingo dau lurrean:
      ez dau utziko arerioen menpean.

Ohean minez dala,
      Jauna etorriko jako lagun,
      gatxaldiko makaltasun guztiak
      kenduko deutsoz.

Hauxe dinot nik: «Erruki zakidaz, Jauna,
      osatu naizu,
      pekatu egin dot-eta
      zure aurka».

Arerioek txarto-esaka dihardue nitaz;
      «Noiz hilko ete da; noiz geldituko
      amatauta haren izena»?

Ikustera jatortanari
      ahotik huskeria dario,
      bihotzean okerra darabil,
      handik urtetean dagi berbaz.

Marmarrean dihardu nire aurka
      gorroto nauanak,
      danak batean,
      niri zelan kalte egin asmaketan.

«Izurri gaiztoak hartu dau,
      ohean datzan hori
      ez da barriro jagiko».

Nik adiskide ontzat naukanak berak,
      nire ogitik jaten ebanak,
      nire aurka jaso dau orpoa,

Zu, ordea, erruki zakidaz,
      eta jagiazo naizu, Jauna,
      emon deiedan ordaina.

Alde zaitudala hortik dot ezagutuko:
      arearioa ez dala nire lepotik poztuko.
      Ni, barriz,
      osasunean nozu zainduko,
      eta zure aurrean betiko eukiko. 

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa,
      betirik betiko. Amen, amen!

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Osatu naizu, Jauna, pekatu egin dot-eta zure aurka.

 

2 Ant.  Gudari-taldeen Jauna gurekin, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gurekin.

 45 Salmoa

Jainkoa dogu gordeleku eta indar,
      Berar urten deusku estualdian
      laguntzaile bizkor.
      Horregaitik ez gara bildurtuko
      lurrak badau dar-dar egiten,
      nahiz mendiak badira
      itsas-erdira jausten.
      Harrotu, apartu beitez hango urak,
      dardaratu beitez
      haren haserrez mendiak.

Gudari-taldeen Jauna gurekin,
      Jakob-en Jainkoa
      gaztelu sendo gurekin. 

Ibai-besangek
      alaitzen dabe Jainko-uria,
      Goi-goikoaren
      bizileku guztiz santua.
      Jainkoa dauka erdian,
      ez da kolokatuko,
      argi-txintarekin
      Jainkoak dau lagunduko.
      Atzerriek deadar egin dute,
      erreinuek zalaparta,
      Haren berba-hotsez lurrak ikara.

Gudari-taldeen Jauna gurekin,
      Jakob-n Jainkoa
      gaztelu sendo gurekin.

Zatoze eta ikusi Jaunak eginak,
      lurrean egiten dituen harrigarriak:
      Berak ditu guduak geldituazoten,
      lurrean alderik alde
      uztaiak xehatzen, lantzak apurtzen,
      babeskiak kiskaltzen.

«Geldi hor! Jakin eiue
      Jainkoa nazala Ni,
      atzerrien gain
      eta lurraren gain nagusi».

Gudari-taldeen Jauna gurekin,
      Jakoben Jainkoa
      gaztelu sendo gurekin.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Gudari-taldeen Jauna gurekin, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gurekin.

 

3 Ant.  Atzerriak etorriko dira, Jauna, eta zure aurrean ahuspeztuko.

           Kantika:   Apk 15, 3-4

Handiak eta harrigarriak dira
      Zuk eginak!
      Atzerrien errege,
      zuzenak eta egiazkoak
      zure bideak!

Nor ez da izango zure bildur, Jauna?
      Nork ez dau goretsiko zure izena?
      Zeu baino ez zara-ta santua!
      Atzerriak etorri eta zure aurrean
      ahuspeztuko dira,
      zure erabagiak zuzenak
      agertu dira-ta.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Atzerriak etorriko dira, Jauna, eta zure aurrean ahuspeztuko.

 

Jainkoaren hitza

Erm 15, 1-3

      Sendo gagozanok argalen makaltasunak eroan behar ditugu, eta ez bilatu geuri atsegin jakuna. Ahalegindu gaitezan lagun-hurkoari, onerako danean, atsegin emoten eta onbiderako izango dana bilatzen. Kristok ere ez eban bere atsegina bilatu; bestetara, baino; holan dino-ta Liburu Santuak: Neure gainera jausi ziran, Zu iraintzen zinduezanen irainak.

GALDERANTZUNA

V/.  Kristok maite izan gaitu * eta bere odolaz garbitu gaitu gure pekatuetatik.
R/.  Kristok maite izan gaitu * eta bere odolaz garbitu gaitu gure pekatuetatik.

V/.  Errege-leinu eta Jaungoiko bere Aitaren abade egin gaitu.
R/.  Eta bere odolaz garbitu gaitu gure pekatuetatik.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Kristok maite izan gaitu * eta bere odolaz garbitu gaitu gure pekatuetatik.

 

Magn. ant.  Bere gain hartu gaitu bere morroi garanok, errukiaz gogoraturik.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Bere gain hartu gaitu bere morroi garanok, errukiaz gogoraturik.

 

Eskariak

      Apalen otoitza maitekiro entzuten dauan Jainkoari, eta gose diranak ondasunez beteten dituanari, eskatu deiogun uste osoz, esanez:

Emoiguzu, Jauna, zure errukia

—Jauna, Aita guztiz errukitsu, nekeetan dagozan eleiztar guztientzat eskatzen deutsugu: * izan gogoan, Eleizaren buru dan zure Semeak kurutzean hareen alde eskeini eutsun arratsaldeko egiazko oparia.

—Askatu giltzapetuak, argitu ilunpetan bizi diranak, zaindu alargunak eta umezurtzak, * eta egizu, nekeetan dagozanen ardura izan daigula guztiok.

—Emon, Jauna, zure seme-alabei indarra, * deabruaren ekinaldien aurka gogor egin ahal izan daien.

—Erdu lagun, gure Jainko, heriotza-orduan, * egun haretan zintzo aurktu gaitezan, eta zure bakean itzi daigun mundu hau.

Bakotxak bere eskariak ere egin daikez

—Eroan eizuz hildakoak Zeu bizi zaran argitara, * Zu betikotasunean ikusi zaiezan.

      Salbatzaileak agindu eta irakatsiari jarraituz, bildur barik esan daigun:

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

      Arren eskatzen deutsugu, Jauna, zure Semearen nekaldia ikasbide izan dogunok, Beraren buztarri leuna eta zama arina eroateko gauza izan gaitezala. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.