2026/08/16

I. Eguena

Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 
(Aleluia).
 

GORATZARREA
 

 1 Ant. Dei egin deutsut eta osatu egin nozu, Jauna; eskerrak emongo deutsudaz beti.

29 Salmoa

Goretsiko zaitut, Jauna,
      onik atara nozulako,
      arerioei nire lepotik poztutzen
      itzi ez deutsezulako.
      Jauna, ene Jainko, dei egin deutsut,
      eta osatu egin nozu.
      Jauna, Lezatik nire bizia atara dozu,
      zulora doazanengandik
      bizirik gorde nozu.

Eresi egiozue, zintzoak, Jaunari,
      emon eskerrak Haren izen santuari.
      Une baterako da Haren hasarrea,
      bizitza guztirako Haren on izatea.
      Negarra dator arratsaldean,
      baina poza goizean.

Hau esan neban nire lasaian:
      «Ez naz kolokatuko sekulan».
      Jauna, ospe ta indar eman zeustan
      zure onginahian;
      baina zure aurpegia gorde zenduan,
      eta larritu egin nintzan.

Deika egon nintzan, Jauna, Zuri,
      erruki-eske nire Jainkoari:
      «Zer irabazten dozu nire odolarekin?
      Ni zulora jaistearekin?

Hautsak goretsiko ete zaitu?
      Zintzo agertuazoko ete zaitu?
      Entzun niri eta nitaz erruki, Jauna,
      izan zakidaz laguntzaile, Jauna».

Negarra, dantza bihurtu deustazu,
      zakua erantzi,
      eta poza jantzi deustazu.
      Nire bihotzak begizu atergabe eresi,
      Jauna, ene Jainko,
      eskerrak nik Zuri beti

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Dei egin deutsut eta osatu egin nozu, Jauna; eskerrak emongo deutsudaz beti.

 

2 Ant.  Bai dohatsu, Jaunak errurik leporatzen ez deutson gizona.

 31 Salmoa

Bai dohatsu,
      gaiztakeria parkatu jakona,
      hobena estaldu jakona.
      Bai dohatsu, Jaunak errurik
      leporatzen ez deutson gizona,
      barrenean iruzurrik ez dauana.

Ixilik nengoala
      nire hazurrak ihartu egiten ziran,
      egun oro intzirian.

Gau ta egun zure eskua
      nire gainean astun nebala,
      nire indarrak makaldu ziran
      udako sargoritan lez.

Nire hobena autortu deutsut,
      nire errua ez deutsut ezkutatu.
      «Autortuko deutsat —esan neban—,
      Jaunari nire txarkeria»,
      eta Zuk parkatu egin zeutsan
      nire hobenaren txarkeria.

Horregaitik zintzoak larrialdian
      Zeuri otoitz egingo;
      uholdea oldartzean
      urik ez jako helduko.
      Zeu zaitut ihesleku:
      estualditik Zeuk nozu babesten,
      askatasun-pozez inguratzen.

Eskolatuko zaitut, bidea erakutsiko,
      begiok zeugan kokatuz irakatsiko.
      Ez izan zentzugabe,
      zaldi eta mandoen antzera,
      hareen indarra hedez eta ahokoz
      bait da ezitzen,
      bestela ez jatzuz hurreratzen.

Gaiztoak neke asko ditu,
      Jaunagan itxaropen dauana, barriz,
      maitasunak batuko dau.
      Poztu zaiteze ta alaitu Jaunagan,
      zintzoak, egizue pozez oihu,
      bihotz zuzeneko guztiak.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Bai dohatsu, Jaunak errurik leporatzen ez deutson gizona.

 

3 Ant.  Jaunak agintaritza, ospea ta erreinua emon deutsoz, eta herri guztiek zerbituko dabe.

           Kantika:   Apk 11, 17-18; 12, 10b-12a

Eskerrak emoten deutsuguz, Jauna,
      bazaran eta bazinan
      Jainko ahalguztiduna;
      zure ahalmen handiaz
      jabetu zara-ta,
      eta errege izaten hasia zara.

Haserretu ziran atzerriak,
      baina heldu da zure haserrea,
      eta hilak epaitzeko ordua;
      heldu jake sari-ordua
      zure zerbitzari profetei,
      eta santu eta zure izenaren
      bildur diranei,
      txikiei nahiz handiei.

Orain etorri da salbamena,
      gure Jainkoaren
      indarra ta erregetza,
      eta bere Kristoren ahalmena;
      jaurtia izan da-ta
      gure senideen salatzailea,
      gure Jainkoaren aurrean,
      gau ta egun, salatzen zituena.

Hareek azpiratu dabe Bildotsaren odolaz,
      eta emon daben autormenaz:
      euren bizia ez dabe-ta izan maiteago,
      heriotza baino.

Poztu zaiteze, beraz, zeruak,
      eta euretan bizi zareenak.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Jaunak agintaritza, ospea ta erreinua emon deutsoz, eta herri guztiek zerbituko dabe.

 

Jainkoaren hitza

1 Pe 1, 6-9

      Poztu zaiteze, oraingoz estutasun batzutan alditxo batez nahigabetuak izan behar badozue be. Horrela agertu da zuen sinismena —sutan garbitzen dan urre galkorra baino askoz bikainagoa—, eta Jesu Kristo agertu daitenean, jadetsiko dau saria, aintza eta goralpena. Jesu Kristo ikusi ez dozuela be, maite dozue; ikusi barik sinisten dozue Harengan, eta esan ezin-halako poz handiz alaitzen zaree; eta horrela zuen sinismenaren helburua jadesten dozue: zeuon salbamena.

GALDERANTZUNA

V/.  Gari-maminez * janaritzen gaitu Jaunak.
R/.  Gari-maminez * janaritzen gaitu Jaunak.

V/.  Harkatxeko eztiz asetzen.
R/.  Janaritzen gaitu Jaunak.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Gari-maminez * janaritzen gaitu Jaunak.
 

Magn. ant.  Bota ditu Jaunak euren aulkitik handikiak, eta gora jaso ditu ezerezak.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Bota ditu Jaunak euren aulkitik handikiak, eta gora jaso ditu ezerezak.

 

Eskariak

      Otoitz deiogun, gure babes eta indar dan Jainkoari, eta esan deiogun:

—Zure herriarekin itun egin dozun maitasunaren Jainko: * egizu, gogoan izan daiguzala zure mirariak.

—Abadeak egizuz, Jauna, zure maitasunean sutsuago, * eta kristau fededunak zure Espirituak bat egin daizala bake-lokarriz.

—Egizu, Jauna, mundu hau jasotzekoan, beti izan daigula zure laguntza,* alperrik jardun ez daien lan horretan diharduenak.

—Bialdu eizuz, Jauna, langileak zure uztara, * zure izena munduan ezagutua izan dadin.

Bakotxak bere eskariak ere egin daikez

—Hartu eizuz hildako gure senide eta ongileak zure santuen artean, * eta egizu, gu ere egunen baten eurekin batu gaitezala zure erreinuan.

      Jesu Kristoren bitartez Jainkoaren seme-alaba izatera heldu garan ezkero, bildur barik esan daigun:

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

      Gauaren iluna argitzen, eta gauaren ondoren eguna barriro ekarten dozun Jauna, egizu, gau hau pekaturik gabe igaro daigula, eta bihar eguna argitzean batu gaitezala barriz zeure aurrean Zuri eskerrak emoteko. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.