Bezperak
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari
eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.
1 Ant. Jauna dot argi
eta salbamen, nork ni bildurtu? †
26a Salmoa
Jauna dot argi eta salbamen,
nork ni bildurtu?
† Jauna biziaren babes,
nork ni izutu?
Nire haragia jateko
gaiztoak jatazanean oldartzen,
nire etsai eta arerioak
laprast egin eta jausi egiten dira.
Ez deust egingo bihotzak dar-dar,
nire aurka gudu-txabolak
ipinita ere;
lasai egongo naz ni,
nire aurka gudua sortuko balitz ere.
Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi izan naitela Jaunaren etxean
nire bizitzako egun guztietan;
Jaunaren samurtasuna
gozatu daidan,
Haren jauretxea
begiz ikusi daidan.
Egun baltzean bere txabolan
gordeko nau-ta,
bere txabolearen gordeenean
ezkutatuko,
harkatxera nau jasoko.
Horregatik dot burua jasoten,
inguruko arerioen gainetik jarten.
Poz-opariak deutsadaz
bere txabolan eskeiniko,
eresi eta goratzarreak
Jaunari abestuko.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Jauna dot argi
eta salbamen, nork ni bildurtu?
2 Ant. Zure
aurpegi-bila najabiltzu, Jauna; ez niri ezkutatu aurpegi hori.
26b Salmoa
Jauna, nire deadar-hotsa
entzun eizu,
erruki zakidaz eta aditu eidazu.
Zuk esana bihotzean dot entzuten:
«Bilatu eizue nire aurpegia».
Zure aurpegi-bila najabiltzu, Jauna.
Ez ezkutatu niri aurpegi hori,
zure morroi hau ez laga
haserrez baztertuta.
Laguntza zaitut, ez naizula zapuztu,
Jainko, nire salbamen,
ez nazazu eskutik itzi.
Aita-amek banindue zapuztuko,
Jaunak beretzat ninduke hartuko.
Erakutsi eidazu, Jauna, zure bidea,
eroan naizu bide zelaitik,
ditudan arerioekaitik.
Ni nire arerioen aukeran ez laga,
testigu guzurtiak jagi dira-ta
nire aurka,
indarkeria dariela.
Jaunaren ontasuna ikusi ustean
nago bizien lurrean.
Itxaron Jaunagan eta izan kemen,
bizkortu bekizue bihotza
eta itxaron Jaunagan.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Zure
aurpegi-bila najabiltzu, Jauna; ez niri ezkutatu aurpegi hori.
3 Ant. Sorkari
guztietan lehen-seme da, diran guztietan lehenengoa.
Kantika: Kol 1, 12-20
Eskerrak emoten deutsaguz
Aita Jainkoari,
argian, santuen oinorde-lagun
egin gaituanari.
Ilunpearen menpetik atara gaitu-ta,
eta bere Seme maitearen
erreinura aldatu.
Honexengan dogu erospena,
Honexengan pekatuen parkamena.
Hau, Jainko ikusi-ezinaren irudi da,
sorkari guztietan lehen-semea.
Beronen bidez dira-ta eginak
gauza guztiak,
zeru-lurretakoak, agiri diranak
eta ez diranak:
Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
gauza guztiak Beraren bidez
eta Berarentzat dira eginak.
Diran guztiak baino lehenago da Bera,
eta guztiek diraute Berarengan.
Gorputzaren buru ere Bera da,
Eleizaren buru, alegia.
Bera da hasiera,
hilen arteko lehen-semea,
diran guztietan
Bera izan dadin lehenengoa.
Jainkoaren gogoko izan da-ta
betearen betea Harengan egotea,
eta Haren bidez, gauza guztiak
Berekin adiskidetzea;
Haren kurutzeko odolaz
bakeak eginik,
zeru-lurretan diran guztiekin.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Sorkari guztietan
lehen-seme da, diran guztietan lehenengoa.
Jainkoaren hitza
St 1, 22-25
Egizue berbeak dinoana,
eta ez entzun baino ez, zeuon buruak engainatuz. Hitza entzun baino ez egiten
dauana eta bete ez, ispiluan bere aurpegiari begira egon zanaren antzekoa da;
begiratu ondoren, joan zan, eta berehala ahaztu jakon zelangoa zan. Baina
askatasun-lege betea ikasten dauanak eta horretan irauten beti —ez, entzun eta
ahazteko, ondo beteteko baino—, honek bere zoriona aurkituko dau, betete
horretan.
V/. Salbau naizu, Jauna; *
erruki zakidaz.
R/. Salbau naizu, Jauna; * erruki zakidaz.
V/. Ez eroan nire arima
gaizkileekin.
R/. Erruki zakidaz.
V/. Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
R/. Salbau naizu, Jauna; * erruki
zakidaz.
Magn. ant. Handiak
egin deustaz Ahalguztidunak: Santua da Haren izena.
Lk 1, 46-55
Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat nire barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
bildur deutsoenengana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru harroak triskatu dauz;
bota dauz euren aulkitik handikiak,
eta gora jaso dauz ezerezak;
ondasunez bete dauz gosez egozanak
eta esku hutsik bialdu asko eukenak.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Handiak egin deustaz
Ahalguztidunak: Santua da Haren izena.
Eskariak
Jaunak maitasun neurri
bakoaz zaintzen dau beretzat aukeratu eban herria; Haren izena gauza guztietan
goretsia izan dadila eskatuz, esan daigun:
—Izan gogoan, Jauna, zure Eleiza; * zaindu
eizu gatx guztietatik eta edertu zure maitasunean.
—Herri guztiek autortu zaiezela Zu Jainko bakar,
* eta Zuk bialdutako Jesu Kristo.
—Emon, Jauna, gure ahaide eta ongileei, orain zure
ondasun guztiak, * eta gero betiko bizia.
—Jauna, emon lasaitasuna nekepean bizi diran
langileei, * eta urten eizu baztertuen giza-eskubideen alde.
Bakotxak bere eskariak ere egin
daikez
—Erruki zakiez gaur hildako guztiei, * eta
hartu gozoro zure erreinuan.
Familia bateko senide
garanez, egin deiogun otoitz danok alkarturik guztion Aitari:
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko guztiz ahaltsu,
eskerrak Zuri egun honen amaierairaino ekarri gaituzulako; egizu arratsaldeko
gure esku-jasotze hau opari atsegingarri Zuretzat. Zure Seme Jesu Kristo gure
Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege
bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin
V/. Bedeinkatu zaizela Jainko
ahalguztidunak:
Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Zoaze Jaunaren
bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.