2026/08/19

III. Astelehena

Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. (Aleluia).
 

GORATZARREA
 

 1 Ant. Gure begiak beti dagoz Jaunagana, gutaz errukitu dadin arte.

122 Sal

Zugana jasoten ditut begiok,
      Zugana,
      zeruetan zaran Horrengana.

Begira dagoz-eta morroien begiak
      nagusien eskuei,
      neskamearen begiak
      etxeko-andrearen eskuei:
      horrela gure begiak Jaunagana,
      gure Jainkoagana, dagoz,
      gutaz errukitu dadin arte.

Errukitu zaitez, Jauna,
      gutaz errukitu zaitez,
      esker txarrez ase-beteak
      gagoz-eta.

Asetu be aseturik dago, bai,
      gure barrua,
      ustetsuen barrez,
      harroen esker txarrez.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Gure begiak beti dagoz Jaunagana, gutaz errukitu dadin arte.
 

2 Ant.  Gure laguntza, Jaunaren izena, zeru-lurrak egin dituanarena.

123  Salmoa

Jauna gure alde egon ez balitz,
      —esan bei orain Israelek—,
      Jauna gure alde egon ez balitz
      gizakiek gure aurka erasotzean,
      bizirik iruntsiko ginduezan orduan,
      hareen sumina gugana goritzean;

ura pulunpa izango genuen gainean,
      errekek gure gainetik igongo eben;
      ur bulartuak igaroko ziran,
      gure gainean.

Bedeinkatua, Jauna,
      ez gaitu-ta emon
      hareen hortzetara ehizeen eran!
      Gure bizia hegaztia lez da ihesi,
      ehiztarien saretik:
      sarea zeharo eten da,
      eta guk onez urten dogu.

Gure laguntza, Jaunaren izena,
      zeru-lurrak egin dituanarena.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Gure laguntza, Jaunaren izena, zeru-lurrak egin dituanarena.
 

3 Ant.  Jainkoak aurrez aukeratu ginduzan Jesu Kristoren bidez, bere seme-alaba orde izateko.

           Kantika:   Ef 1, 3-10

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
      Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
      Espirituaren era guztietako
      bedeinkapenez,
      zeruan Kristogan
      bedeinkatu gaituana.

Harengan aukeratu ginduzan-eta,
      mundua sortu baino lehen,
      bere aurrean, maitasunez,
      santu eta errugabe izan gaitezan.

Aurrez aukeratu ginduzan
      bere seme-alaba-orde izateko,
      Jesu Kristoren bidez,
      bere nahiaren onberatasunez;
      bere Seme maiteagan
      hain ugari emon deuskun
      graziaren aintzak
      Bera gorespenez bete daian.

Seme honengan,
      bere odolaz dogu erospena,
      eta pekatuen parkamena;
      halakoa izan da
      Haren grazia-aberastasuna.
      Oparo isuri deusku-ta bere grazia
      ezaguera osoz eta jakituriaz:

bere nahiaren misterioa
      ezagutuazo deusku,
      bere onginahiez erabagita eukana,
      garaia etortean beteko ebana.
      Zeruko eta lurreko gauza guztiak
      Kristogan batuko dituala,
      Berau buru dala.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. (Aleluia.) 

Ant.  Jainkoak aurrez aukeratu ginduzan Jesu Kristoren bidez, bere seme-alaba orde izateko.


Jainkoaren hitza

St 4, 11-12

      Senideok, ez txarto esan alkarren aurka. Anaiaren aurka hitzegiten, edo anaia epaitzen dauanak, Legeaz txarto esaten dau, eta Legea epaitzen. Legea epaitzen badozu, barriz, ez zara lege-betetzaile, haren epaile egiten zera. Bat-bera da legegilea eta epailea: salbatu eta hondatu daikena. Baina zu nor zara, lagun-hurkorik epaitzeko?


GALDERANTZUNA

V/.  Osatu naizu, Jauna, * zure aurka hoben egina nozu-ta.
R/.  Osatu naizu, Jauna, * zure aurka hoben egina nozu-ta. 

V/.  Hauxe dinot nik: Erruki zakidaz, Jauna.
R/.  Zure aurka hoben egina nozu-ta. 

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Osatu naizu, Jauna, * zure aurka hoben egina nozu-ta.
 

Magn. ant. Handiesten dau nire arimak Jauna, ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi 
†
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Handiesten dau nire arimak Jauna, ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

 

Eskariak

      Gizon guztiak salbatzea da Jainkoaren naia; eska dezaiogun, beraz, uste osoz gizaldi guztiarentzat:

 Jauna, erakarri eizuz gauza guztiak Zeugana.

—Bedeinkatua Zu, Jauna, zure odol aberatsak pekatuaren morrontzatik atara gaitualako; * emoiguzu seme-alaben aintzazko askatasuna.

—Emoiezu zure grazia I… gure Gotzainari eta Eleizako gotzain guztiei, * Zuk emondako lana pozez eta maitasunez bete daien.

—Egiaren bila dabizanek aurkitu daiela egia, * eta aurkitutakoan jarraitu daiela bilatzen.

—Begitu eiezu, Jauna, umezurtzei, alargunei eta baztertuei; * euren alde zaituala sentidu daien eta gero-ta Zureagoak izan daitezan. 

Bakotxak bere eskariak ere egin daikez 

—Hartu eizuz hildako gure senideak zure zeruan, * han Zu Aitarekin eta Espiritu Santuarekin guztia guztietan izango zara-ta.

      Jaunak irakatsiari jarraituz, bildur barik esan daigun:

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

      Jauna, Zeu zaitugu, egiaz, amatatzen ez dan argia; argitu gaizuz, bada, iluntze honetan, eta parkatu gure pekatuak. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.