Bezperak
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen. (Aleluia).
1 Ant. Jaunak garaipena emoten deutso
bere Gantzutuari.
19 Salmoa
Entzun zaitzala Jaunak egun beltzean,
izan bekizu babes
Jakoben Jainkoaren izena.
Bialdu beizu laguntza jauretxetik,
indartu zaizala Siondik.
Zure opari guztiak gogoratu beiz,
zure erre-oparia ederretsi bei.
Emon deoizula,
zure bihotzak opa dauan guztia,
bete daizala zure asmo guztiak.
Poztu gaitezan zure garaipenean,
ikurrinak zabaldu daiguzan
gure Jainkoaren izenean.
Bai, zure eske guztiak
bete beiz Jaunak batean!
Oraintxe ikusten dot
Jaunak bere Gantzutuari
garaipena emoten deutsola,
entzun dauala bere zeru santutik,
bere eskoi garailearen indarrarekin.
Batzuk bizkor gurdiekin,
beste batzuk zaldiekin,
gu, barriz,
gure Jainko Jaunaren izenarekin.
Hareek okertu eta jausi egin dira,
guk zutunik diraugu, ostera.
Jauna, emoiozu erregeri garaipena,
eta entzun gaizuz dei-egunean.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Jaunak
garaipena emoten deutso bere Gantzutuari.
2 Ant. Zure
kemena ospatuko dogu eresi eginez.
20 Salmoa
Jauna, errege zure indarrez pozten da;
zure garaipenez
izugarri alaitzen da.
Bihotzean opa ebana emon deutsazu,
ezpanen eskaria ez deutsazu ukatu.
Bedeinkapen guriz
aurrea hartu deutsazu,
buruan urre utsezko koroia
ipini deutsazu.
Bizia eskatu deutsu, eta Zuk emon,
egun luzez beti eta beti.
Zure garaipenez badario ospe handi,
handi eta eder egin dozu
buruz gaindi.
Betiko bedeinkapen egin dozu-ta,
zure aurrean
pozez alaituazoten dozu.
Erregek Jaunagan dau uste on,
Goi-goikoaren graziaz
ez da kolokatuko.
Jagi zaitez, Jauna, zure indarrez,
zeure kemena ospatuko dogu
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Zure
kemena ospatuko dogu eresi eginez.
3 Ant. Abade-erreinu
egin gaituzu, Jauna, gure Jainkoarentzat.
Kantika: Apk 4, 11; 5, 9-10. 12
Aintza, ospea ta agintaritza
hartzeko bazara nor,
Jauna, gure Jainkoa;
Zeuk eginak dira-ta diran guztiak,
zure gura-izatez dira eginak.
Liburua hartzeko eta siluak urratzeko
bazera nor,
hila izan zara-ta,
eta zure odolaz erosi dituzu
Jainkoarentzat gizakiak,
leinu eta hizkuntza,
herri eta enda guztietakoak;
eta abade-erreinu egin dituzu
gure Jainkoarentzat,
eta errege izango dira lurrean.
Indarra ta aberastasuna,
jakituria ta ahalmena,
ospea, aintza ta gorespena
hartzeko bada nor
hila izan dan Bildotsa.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Abade-erreinu egin
gaituzu, Jauna, gure Jainkoarentzat.
Jainkoaren hitza
1 Jn, 3, 1a-2
Begira zenbaterainoko
maitasuna agertu deuskun Aitak: Jaungoikoaren seme-alaba izena daroagu, baita
izana ere. Hona zergaitik munduak ez gaituan ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez
ebalako. Senide maiteok, orain Jaungoikoaren seme-alaba gara; gero izango
garana, oraindik ez da ageri. Badakigu, Jauna agertu daitenean, Haren antzeko
izango garana, dan langoa ikusiko dogu-ta.
V/. Betikoa da zure hitza,
Jauna, * iraunkorra zerua bezala.
R/. Betikoa da zure hitza, Jauna, *
iraunkorra zerua bezala.
V/. Zure leialtasuna gizaldien
gizaldietaraino.
R/. Iraunkorra zerua bezala.
V/. Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
R/. Betikoa da zure hitza, Jauna, *
iraunkorra zerua bezala.
Magn. ant. Pozaren
pozez daukat nire barrua, Jainkoa da-ta nire salbazinoa.
Lk 1, 46-55
Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat nire barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
bildur deutsoenengana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru harroak triskatu dauz;
bota dauz euren aulkitik handikiak,
eta gora jaso dauz ezerezak;
ondasunez bete dauz gosez egozanak
eta esku hutsik bialdu asko eukenak.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Pozaren pozez daukat nire
barrua, Jainkoa da-ta nire salbazinoa.
Eskariak
Kristo geure artean
bizi da, eta bere herri egin gaitu; egin deiogun otoitz, esanez:
Entzun gaizuz, Jauna, zeure izenagaitik
—Herri guztien Jaun eta Jaube, zatoz, herri guztiei
eta euren zuzendariei laguntzera; * guztiak jarri daitezala Zure
nahira, eta ahalegindu onaren eta bakearen alde lan egiten.
—Katigu egozanak askatasunera eroan zenduzan Jesus
Jauna, * eroan Jainko seme-alaben askatasunera gorputzez edo arimaz
katigu diran gure senideak.
—Emoiezu, Jauna, gazteei Zuretzat errubakoak izatea, * eta
jakin daiela euren bizitzan zehar zure deiari erantzuten.
—Egizu, umeak zeure antzeko izan daitezala, * eta
hazi beti jakiturian eta grazian.
Bakotxak bere eskariak ere egin
daikez
—Hartu eizuz hildakoak zure betiko erreinuan, * gu
ere egunen baten han Zurekin errege izango garala uste dugu-ta.
Jainkoaren seme-alaba
garala jakitearen pozez, hurreratu gaitezan gure Aitagana, eta esan daigun:
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko guztiz ahaltsu,
eskerrak Zuri egun honen amaierairaino ekarri gaituzulako; egizu arratsaldeko
gure esku-jasotze hau opari atsegingarri Zuretzat. Zure Seme Jesu Kristo gure
Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege
bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin.
V/. Bedeinkatu zaizela Jainko
ahalguztidunak:
Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Zoaze Jaunaren
bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.