2026/08/19

II. Barikua

Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. (Aleluia).
 

GORATZARREA
 

 1 Ant. Atara, Jauna, nire bizia heriotzatik, nire oinok, jaustetik.

114 Sal

Maite dot Jauna, entzun dau-ta
      nire eskariaren oihartzuna.
      Bihurtu dau-ta belarria nigana,
      dei egin deutsadan egunean.

Heriotza-lokarriek inguratu ninduen,
      Lezako hedeak gaineratu jatazan,
      nahigabe ta larrialdian jausi nintzan.
      Deitu neban Jaunaren izena:
      «Atara naizu bizirik, Jauna».

Onbera da Jauna eta zintzoa,
      errukitsua gure Jainkoa.
      Jaunak gizagaixoak zaintzen ditu,
      dohakabe nintzan
      eta salbau egin ninduan.

Ene gogoa, bihurtu zaitez atsedenera,
      Jaunak onez bete zaitu-ta.
      Atara dau-ta nire bizia heriotzatik,
      begiok malkotik, oinok jaustetik.

Ibiliko naz Jaunaren aurrean,
      bizien lurrean.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Atara, Jauna, nire bizia heriotzatik, nire oinok, jaustetik.

 

2 Ant.  Jaunagandik nire laguntza, Harek zeru-lurrak egin ditu-ta.

120  Salmoa

Begiok mendietara jasotzen nik:
      laguntza niri nondik?
      Jaunagandik nire laguntza,
      Harek zeru-lurrak egin ditu-ta.

Ez deutsu oina kolokan itziko,
      zure zaintzaileak
      ez dau lo-kukurik egingo.
      Israel zaintzen dagoana,
      ez dau lo-kukuak hartuko, ez loak.

Jauna da zure zaintzaile,
      Jauna dozu eskoi-aldetik gerizpe.
      Ez zaitu joko egunez eguzkiak,
      ez eta gauez ere ilargiak.

Jaunak jagongo zaitu gatx guztitik,
      zainduko zure bizia heriotzatik,
      Zure sartu-urtenak
      Jaunak zainduko ditu,
      oraindixik betiko.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Jaunagandik nire laguntza, Harek zeru-lurrak egin ditu-ta.

 

3 Ant.  Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak!

 Kantika:   Apk 15, 3-4

Handiak eta harrigarriak dira
      Zuk eginak!
      Atzerrien errege,
      zuzenak eta egiazkoak
      zure bideak!

Nor ez da izango zure bildur, Jauna?
      Nork ez dau goretsiko zure izena?
      Zeu baino ez zara-ta santua!
      Atzerriak etorri eta zure aurrean
      ahuspeztuko dira,
      zure erabagiak zuzenak
      agertu dira-ta.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak!

Jainkoaren hitza

1 Kor 2, 7-10a

      Jainkoaren jakituria ezkutua jarabilku, gordeta eukia, Jainkoak gizaldien aurretik gure aintzarako aukeraturik eukana; gizarte honetako nagusietako inork ezagutu ez ebana; ezagutu izan balebe, aintzaren Jauna ez eben-ta kurutzean josiko. Baina idatzita dagoanez: Ez dau, ez begik ikusi, ez belarrik entzun, ez bihotzek sumatu, Jainkoak prestaurik daukana, Bera maite dabenentzat. Eta Jainkoak geuri agertu deusku hori Espirituaren bidez.

GALDERANTZUNA 

V/.  Kristok heriotza jasan eban pekatuekaitik, * gu Jainkoagana eroateko.
R/.  Kristok heriotza jasan eban pekatuekaitik, * gu Jainkoagana eroateko.

V/.  Heriotza jasan eban bere gorputzean, baina bizia hartu eban barriro Espirituagandik.
R/.  Gu Jainkoagana eroateko.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Kristok heriotza jasan eban pekatuekaitik, * gu Jainkoagana eroateko.

 

Magn. ant.  Gogoratu eizu, Jauna, zure errukia, gure gurasoei Zeuk hitz emona.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Gogoratu eizu, Jauna, zure errukia, gure gurasoei Zeuk hitz emona.

 

Eskariak

      Bedeinkatu daigun, negarrez egozanen malkoak lehortzen ebazan Jesus Jauna, eta Berari maiteki eta apalik eskatu deiogun:

Erruki, Jauna, zure herriari.

—Jesu Kristo Jauna, nahigabetuen eta atsekabetuen kontsolatzaile, * ipini zure begien aurrean behartsuen negar-anpuluak.

—Entzun, Jainko errukitsu, heriotza-zorian dagozanen aienak, * eta bialdu eiezu zure aingeru laguntzailea.

—Erbesteratu guztiek ikusi daiela zaindari zaituela Zu; * eroan eizuz euren herrira, eta emoiezu egunen baten zeruko aberria.

Bakotxak bere eskariak ere egin daikez

—Jaun errukitsu, salbau eizuz hildako gure senideak, * eta emoiezu salbazino osoa.

      Jainkoaren seme-alaba garala jakitearen pozez, hurreratu gaitezan gure Aitagana, eta esan daigun:

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

      Jauna, oztopo dan kurutzean iragarri dozu zure jakituria ezkutua; egizu, zure Semearen nekaldiko aintza gogoan izan daigula beti, guk ere gure aintza Jesu Kristoren kurutzean aurkitu daigun. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.