I. DOMEKAKO I. BEZPERAK
Agurra
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen. (Aleluia).
Argiaren argi
Argiaren argi zera,
hirutan Jaungoiko bakar:
Jaisten doa eguzkia,
piztu bihotzak su ta gar.
Gauden goizean bezala
kantuz iluntzealdean;
ederretsi zaitzagula
eresiz betierean.
Ospe Kristori, Aitari,
bien Espirituari.
hirutan bat guztiz ahaltsu,
entzun zure herriari. Amen.
Salmutegia
1 Ant. Betorkizu,
Jauna, nire otoitza lurruna bezala.
140 Salmoa
Jauna, oihuka ñagotzu,
zatorkidaz berehala,
entzun nire otoitza;
deitzen deutsudanean.
Betorkizu nire otoitza lurruna bezala,
nire esku-altxatzea,
arratsaldeko opari bezala.
Ipini eiozu aho-zai bat
nire mihinari,
zaintzaile bat
nire ezpanetako ateari.
Ez itzi nire bihotza
makurtzen txarkeriara,
gaiztakeria gaiztoz egitera.
Ezta txarkeria diharduenekaz,
ez daidala jan hareen janari gizenik.
Jo naiala zintzoak
bere ontasunean, eta zentzundu,
baina gaiztoaren orioak
ez dau nire burua igurtziko,
hareen txarkeriapean,
beti dot otoitz egingo.
Hareen handikiak
harkatxetik jausi ziran,
entzun eben nire hitzak
zein lehun ziran.
Hareen hazurrak Leza-ahoan
sakabanatu dira,
lurra urratu
eta hausten danean lez.
Zeugana bihurtzen dira, Jauna,
nire begiak,
Zeugana batzen naz:
ez galdu nire bizia.
Gorde naizu ipini deusten ugaletik,
gaizkileen saretik.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Betorkizu,
Jauna, nire otoitza lurruna bezala.
2 Ant. Nire
ihesleku Zeu zara, Jauna, nire ondare bizien lurrean.
141 Salmoa
Oihuka dinotsat Jaunari,
oihuka eskatzen Jaunari.
Haren aurrean isurtzen dot
nire kezka guztia,
Haren aurrean zabal aitatzen
nire larrialdia.
Nire barrena estutzen danean,
Zuk badakizu nire bidea.
nire ibilerako bidean,
ipini deuste sarea.
Eskoira begiratu, eta ikusi:
ez da nitaz arduratzen danik,
nora ihes eginik ez daukat,
nire biziaren arretarik
inork ez dauka.
Zeuri oihuka dihardut, Jauna,
hauxe diot: «Nere ihesleku Zeu zara,
nire ondare bizien lurrean».
Entzun eizu nire oihua,
oso dohakabe bihurtua nago-ta.
Arerioen eskutik atara naizu,
ni baio bizkorrago dozuz-eta.
Giltzapetik atara naizu,
eta zure izena esker onez
aitatuko deutsut.
Zintzoek hartuko nabe inguruan,
on egiten deustazun orduan.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Nire
ihesleku Zeu zara, Jauna, nire ondare bizien lurrean.
3 Ant. Jesus
Jaunak apaldu egin eban bere burua; horregaitik Jainkoak goratu egin eban
gizaldien gizaldietan.
Kantika
Flp 2, 6-11
Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera
bereko izanik,
ez eutson gogor eutsi
Jainkoarekin bardin izateari;
bestetara, baino, bereaz hustu egin zan,
morroi-izaera hartuz,
eta beste edozein lez azalduz.
Eta gizon lez agerturik,
apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
kurutzeko heriotzaraino.
Horregaitik Jainkoak goratu egin
eban,
eta izen guztien gaineko izena
emon eutson,
Jesusen izenera
belaun guztiak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztik autortu daian:
Jesu Kristo Jauna da,
Aita Jainkoaren aintzarako.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Jesus
Jaunak apaldu egin eban bere burua; horregaitik Jainkoak goratu egin eban
gizaldien gizaldietan.
Jainkoaren itza
Err 11, 33-36
Bai handia Jaungoikoaren esku-zabala, jakituria eta ezaguera! Bai
ezin-aztertuak Haren erabagiak, eta ezin-ezagutuak Haren bideak! Nork ezagutu
ditu inoiz Jaunaren asmoak? Nor izan da Haren aholkulari? Nork emon deutso
Berari lehenengo, Berak gero bihurtzekotan? Harengandik dira gauza guztiak,
beraren bidez eta Harentzat. Berari aintza gizaldietan. Amen.
Galderantzuna
V/. Bai
handi, Jauna, * Zuk egindakoak!
R/. Bai
handi, Jauna, * Zuk egindakoak!
V/. Zuhurtasunez
eginak zeharo.
R/. Zuk
egindakoak!
V/. Aintza
Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Bai
handi, Jauna, * Zuk egindakoak!
Magn. ant.⇒Domekakoa
Lk 1, 46-55
Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat nire barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
bildur deutsoenengana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru harroak triskatu dauz;
bota dauz euren aulkitik handikiak,
eta gora jaso dauz ezerezak;
ondasunez bete dauz gosez egozanak
eta esku hutsik bialdu asko eukenak.
Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. ⇒Domekakoa
Eskariak
Goretsi
daigun Jainko bakarra, Aita, Semea eta Espiritu Santua, eta apalik eskatu
deiogun:
Lagundu, Jauna, zure herriari.
—Jaun santu, Aita guztiz ahaltsu,
sortu bedi gure lurrean zuzentasuna, * zure herriak bakearen ederra
gozatu daian.
—Sartu beitez, Jauna, herri guztiak
zure erreinuan, * danak salbau daitezan.
—Senar-emazteek iraun beie, Jauna,
zure bakean, * eta bizi izan beitez alkarrenganako maitasunean.
—Emoiezu, Jauna, zure saria gure
ongile guztiei, * eta eroan eizuz betiko bizitzara.
(Beste eskari batzuk ere egin
daikez bakotxak...)
—Begira errukiz, gorrotoak, guduak
edo indarkeriak hil dituanak: * hartu eizuz zeruko atsedenean.
Espiritu
Santuak eraginik, esan deiogun gure Aitari Jaunak irakatsi euskun otoitza:
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza (ospatzen
dan domekakoa)
Amaierea
V/. Jauna
zuekin.
R/. Eta
zure Espirituarekin
V/. Bedeinkatu
zaizela Jainko ahalguztidunak:
Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Zoaze
Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak
Jainkoari.